2012/03/15 DENETARIK PIXKA BAT


ETORKIZUNARI BEGIRA....

 Guztiok nahiko genuke etorkizunean lan bat izatea. Are gehiago, egungo egoera zer nolakoa den kontuan hartuz. Baina badakizue zein ote den etorkizuneko lanbideetan beharrezkoa izango dugun gaitasunik garrantzitsuena?
 
Kreatibitatea!

Norbaitek pentsa dezake: neu ez naiz irudimentsua. Beraz, lana izateko aukerarik ez dut izango.

Ez zaitezte kezkatu! Kreatibitatea ikasi (eta, beraz, irakatsi) egiten den gauza bat da, jarrera bat, hain zuzen. Hauxe dio, behintzat, gaur klasean irakurri dugun artikulu batek.

Artikulu honi oso interesgarria deritzogu, etorkizunean lanbideari aurre egiteko hauxe erabili beharko dugun trebetasuna delako, alde batetik; eta bestetik, irakasleak izango garenez, geure ikasleak prestatu beharko baititugu irudimentsuak izateko.

Guk geuk kreatibitatea garatzeko, bost zentzumenez bizi eta sentitu behar ditugu gauza guztiak: ikaskuntzak, eguneroko egoerak, artea... Gauzekiko kuriositatea eta intriga sentitu behar ditugu, esperientzia berriei irekita egonik eta hauek disfrutatuz.

Eta irakasle (edo guraso) modura, kreatibitatea irakasteko bide anitz ere baditugu: ikasleei esperimentatzen utzi behar diegu, gauzak eraikiz, baita haustuz ere; bost zentzumenak erabil ditzaten aktibitateak proposatu (musika entzun, elikagaiak dastatu...); okerretan zentratu beharrean, soluzioak bilatu; ikasketekiko gogoa eta maitasuna bultzatu; artearekiko sentsibilitatea gararazi, etab.

Irakasle izandakoan, bide hori urratzeko prest egongo ginateke. Hortaz, umeen kreatibitatea pizteko ahaleginak egingo ditugu: euren argia pitzarazi, amatatu beharrean.

Azkenik, kreatibitatearen ildoan Ken Robinsonen hurrengo bideoa ikustera animatzen zaituztegu. Bere ustean, ohiko eskolak umeen kreatibitatea haustu egiten du guztiz, hauxe irakatsi edo bultzatu beharrean. Hona hemen Ken-ek ematen dizkigun hainbat gomendio eta ohar, irakasle guztiek aintzat hartu beharko lituzketenak.






 ......................................................................................................................

 KONPETENTZIA DIGITALA: ZER DA ETA NOLA LANDU ESKOLAN


Konpetentzia digitala terminoa hainbat alditan entzuna dugu. Zentzu horretan, ikasleek eskolan eskuratu beharreko gaitasuna dela dakigu. Baina zertan datza zehazki gaitasun hau? Eta zelan lortu ditzakete umeek konpetentzia horri dagozkion trebetasunak eskolan?

Galdera horiei erantzuteko, bideo bat ikusi dugu gaur klasean, Manuel Area Moreiraren eskutik. Manuelek gure esku jarritako informazioa interesgarria iruditu zaigu. Hori dela eta, zuekin konpartituko dugu gaurko klasean ikasitakoa.

XXI. mendean, eskola da instituzio alfabetizatzaile nagusia. Era berean, egungo gizartean, alfabetatze termino honek adiera berriak ditu: jada ez da nahikoa idatzizko formatuetan aurkitutako informazioa ulertzea eta interpretatzea; honekin batera, formatu digitalean datorkigun informazioa ulertu beharra daukagu. Bestera esanda, gaitasun digitala dugu beharrezkoa.

Baina zertan datza gaitasun digitala?


  • Informazioa eskuratzen jakin behar dugu, horretarako gaitasun instrumentalak geureganatuz.
  • Informazioa jasotzea ez da nahikoa. Informazio hori jakintzan bilakatu behar dugu, modu kritikoan interpretatuz.
  • Informazioa komunikatu beharra daukagu. Horretarako, lengoaia ezberdinetan sortu behar ditugu dokumentuak.
  • Informazioa modu demokratikoan erabili behar dugu.

Irakasleak izango garelarik, umeek gaitasun horiek guztiak beregana ditzaten izan beharko luke gure helburuetariko bat. Baina zein motatako ariketak gauzatu ditzakegu klasean horretarako?


  • Jarduerak akzioan oinarritu behar dira
  • Konstruktibistak izan behar dute
  • Elkarrekintzan oinarritutako lanak bideratu behar dira
  • Informazio iturri ezberdinak erabiltzeko diseinatuak egon behar dute.

Eskolan bidera daitezkeen ekintza konkretuak hauek izan lirateke:

  • Wikiak
  • Blogak
  • Foroak
  • Multimedia aurkezpenak/bideoklipak
  • Arbela digitala
  • Chat-ak eta eztabaida foroak
  • Bideokonferentziak
  • E-learning programak
  • Eskola-sarean garatutako elkarrekintza proiektuak, etab.

Guk geuk, irakasle eskolan izanik, konpetentzia digitala ari gara garatzen eta hobetzen. Era honetara, aurretik aipatutako hainbat ekintza ari gara garatzen, jarduera horien adibide ona sortzen ari garen blog hau delarik. Foroa ez ezik, multimedia aurkezpenak ere sortuko ditugu eta batek daki zer beste gauza gehiago!

Gure ustean, gaitasun digitala eskuratzeko mota honetako ariketak gauzatzea baino hoberik ez dago, egunerokotasunean informazioa bilatzeko, elkarrekin komunikatzeko, ikasteko, etab. mota honetako baliabideak erabili beharko ditugu eta.

 ...........................................................................................................

BEGIAK ITXI ETA....

 ....musikari entzun. Horixe izan da klase bukaeran egin duguna erlaxatzeko xedez. Irakasleak erlaxazioa gidatu duelarik, pentsamenduak berak adierazitakoaren arabera “hegan egiten” utzi ditugu. Era berean, musikaren erritmoak modu batera edo bestera sentitzera bultzatu gaitu. Beste batzuen artean, geure erresistentzia eta baloreen gainean hausnartu egin dugu erlaxazioaren bidez. Ezaugarri bakoitza gorputzaren atal batean gorde dugu, etorkizunean lagungarria izango zaigulakoan.

Esan beharra daukagu erlaxazio ariketak beti ditugula gustuko, ohiko estresetik ihes egiteko aukera ematen digute eta.


Antzeko esperientzia konpartitzerik nahi? Hona hemen gure proposamena: Alaitzek, gure irakasleak, ezagutarazi digun Ludovico Einaudiren musika honi entzun. Geure antzera, begiak itxi eta pentsamenduak igarotzen utzi....gorputza askatu eta saia zaitezte inguratzen gaituzten ohiko kexa eta arduretatik ihes egiten... momentutxo batean bada ere...

No hay comentarios:

Publicar un comentario